5 urte, Egunkaria gabe

Erraz da esaten. 2003ko otsailaren 20an itxi ziguten euskaldunoi ahoa. Euskararen iturri nagusietakoa zena, Euskaldunon Egunkaria, alegia, Espainiako Guardia Zibilaren esku geratu zen.

 

1706641327766 5 urte, Egunkaria gabe

Ezustean harrapatu zuen inor? Ez dakit ba, ni neu ez egia esan. Lehenago ere antzeko egoeran izanak baikinen. Ordukoa baina, euskarari egindako eraso zuzena izan zen, euskarazko egunkari bakarra kendu baitziguten.

Hamabi auzipetu, kartzelatzeak, tortura salaketak. Gezurra ari du idatzi zuen Lorea Agirre Egunkaria-ko kazetari ohiak. Euskarazko hedabidea itxi zuteneko lehen 15-20 egunen kronika latz horretan, hainbat gauzak eman zidaten atentzioa.

Guardia Zibilaren miaketak, ziega ilunak, Del Olmo epailearen aurrean egindako adierazpen luzeak, espetxe atarian bizitakoak, Martxelo Otamendiren tortura salaketak, Donostiako manifestazioa, elkartasun sentimendua. Horiez guztiez gain, sakelako telefono dei amaigabeak eta Madrilera egindako joan-etorriak azpimarratzen dira, makina bat izan zirelako. Madrili, zuzenean nahiz zeharka, zenbat diru ematen dion euskarak.

Gogoan dut, amorruak ere hartu ninduela. Baina ez Egunkaria itxi zutelako, euskaldun askorentzat itxiera akuilu izan zelako baizik. Saia nadin hobeto azaltzen.

Egunkariak euskal gizartearen babes osoa izan zuen, erakunde politikoena eta administrazioarena, hedabide, kirol talde eta bestelako guztiena. Areago, inoiz euskararen alde egin gabe zeuden askok iluntasunetik argira egin zutela uste dut, Egunkariaren aldeko aldarria egiteko. Zoragarria, miresgarria, txalogarria.

Baina batetik, ez ote zen momentuko oldarraldi bat izango? Noiz arte iraungo zuen euskararen aldeko sentimendu sutsu hark? Egia esan, Pello Zubiriaren emazte Malores Etxeberriaren infernua gizarteak denbora gutxian arinduko zuelako susmoa nuen, biderik luzeena bakarrik egitea egokituko zitzaiola, alegia. Martxelok ere, zoritxarrez, laster utziko zion hedabideetan titular izateari. Eta bestetik, euskaldunak mugiarazteko, gizartea kontzientziatzeko, egunero itxi beharko litzateke euskarazko hedabideren bat? Poza, tristura eta zalantza nahastu zitzaizkidan.

Egunkariaren ateari 2003ko otsailaren 20an jarri zioten giltzarrapoa, baina Egunkaria ez zuten egun horretan bakarrik itxi, egunero itxi dute, ordutik, Egunkaria barik Berria dugulako esku artean. Zilegi bekit omenalditxoa egitea, egun hartan euskararen alde egin zutenei, baina batez ere, egunero-egunero, isilean, bizi osoan, euskararen alde etengabe egiten dutenei. Egunkaria aurrera!