Askok ezagutuko duzue Juan Antonio Urbeltz antropologo eta euskal folklorean aditua. 1940an jaio zen, Iruñean, eta Argia dantza-taldearen zuzendaria da 1966tik. Euskal folkloreari buruzko dozena bat liburu argitaratu ditu eta euskal dantzen inguruko hainbat ikuskizun egin ditu (Zuberoa, Irradaka, Zortziko, Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque). Purutasuna eta dotorezia dira Urbeltzen dantzen ezaugarri nagusia, eta nazioarteko hainbat sari jaso ditu hori dela bide. Azkena 2007an: Jimeno Jurío. Heldu den igandean taularatuko du bere lanik berriena: Axeri-boda.

 

Makina bat aldiz esana dut zenbat on egiten didan euskal dantzak; eta zalantzarik gabe, Urbeltzen ikuskizunetan parte hartzeko aukera eman izana da horren erakusgarri onenetakoa. Elgoibarko, Debako eta Eibarko dantzariekin, euskal koreografo handiaren ikuskizun gehienetan hartu ahal izan dugu parte. Euskal Herriko sinesmen zahar bat da Axeri-bodaren iturria, Japonian ere nolabaiteko isla duena. Izan ere, eguzkiak jotzen duelarik euria ari duenean, azerien ezkontzak izaten dira Eurasiako atsotitz zaharren esanetan.

“Eguzkia ta euria, erromako zubia” dio esaera zahar batek. “Euri eta iguzki, azeriaren ezteiak”, esaten dugu euskaraz. “Kitsuné no yome-iri” esaten dute japonieraz. Akira Kurosawak berak Konna yume wo mita "Ametsak" filmean kontatu zuen sinesmen hori, eta Urbeltzek Japonia eta Euskal Herria lotu ditu, Axeri-Bodan. Gure tradiziozko Axeri-dantza abiapuntu hartuta, euskal jantzi eta dantzez hornitutako ikuskizuna da Axeri-Boda.

12 dantzak osatuko dute emanaldia:
  • Axerien eztei-dantza
  • Axeri-dantza
  • Axerien Branlea, Bourréea eta Kontra-dantzak
  • Hiru xito
  • Makil-dantzak
  • Mairuen gezi-dantza
  • Axeri beltzen brokelak
  • Axeri joko
  • Axeri gorrien habanera
  • Axeri gorrien azken borrokaldia
  • Uumaku Kamadee (Takashi Hirayasu&Bob Brozman)
  • Urso zuria

Juan Antonio Urbeltzek zuzenduta, Marian Arregi musikaria lagun dela, 7 musikari eta 40 bat dantzari arituko gara Axeri-Bodan. Otsailaren 24an izango da, Arriagan, arratsaldeko zortzietan.

 

 

 

Eitbko postdata saioan eman duten erreportajea: