Mendian betikotu direnei...

Ingeleseko eskolan hauxe galdetu digute gaur: zer egingo zenuke gustura, eta arrazoiren bat dela medio, ezin duzu une honetan egin? Egi bihurtu nahi genukeen amets txiki bat aitortzeko eskaera zen. Beste hainbaten artean, argi daukat nirea; furgoneta hartu eta hilabetez edo, mendian galduko nintzateke.

Egia esan, amets hori nahiko txikia da, gurean txikitatik izan baita mendirako zaletasuna han eta hemen. Eta egiari zor, aitari esker izan da hori ere. Orain dela 7 bat urte izango zen. Udaberria aurrera zihoan eta uda usaina nabari genuen tarteka. Egunkari batean iragarki bat ikusi zuela-eta, Iruñeko bidaia-agentzia batekin antolatu zigun udako oporraldia. Ahizpak eta biok lagunekin herrian geratzeko tentazioa izaten genuen orduan, baina mendiari askotan egin diogu men, eta orduan ere, pozik hartu genuen proposamena. 8 eguneko mendi zeharkaldia Pirinioetan, 15 laguneko taldean eta gidari bakar batekin.

Ez zen nolanahiko erronka; batetik, eta mendian ibiltzen ohitu samar geunden arren, 8 egunez eraman beharko genuen motxila bizkarrean, atsedenik gabe. Bestetik, aterpez aterpe, mendiz mendi, egunero 8 bat orduko ibilbide malkartsua egin beharko genuen. Ez telebistarik, ez irratirik... baina egia esan, hori zen gutxienekoa. Eta halaxe eman genuen izena etxeko laurok, eta joan ginen Benaskera. Adin orotako bidaideez osaturiko taldean, Pitxi Eguillor mendi-gidari trebea izango genuen buru.

Lehen egunetako pozak eta indarrak aise eraman gintuen Perdiguero gainera. Aterpean indarberritu eta Pitxik Himalayan eta munduko beste hainbat menditan bizitakoak kontatu zizkigun afalostean. Hurrengo egunetan ere ekin genion, nekea gero eta handiagoa zen, baina lagun arteko giroak, ikuspegiak, usain garbiak, lore ederrek suspertzen gintuzten. Eta bata bestearen atzetik etorri ziren Posets, Sabre, Gourdon, Aneto...

Hurrengo urtean ere joan ginen, baina orduan bikotekidearekin. Eta aurreko urtean aitarekin eta familiakoekin bizitakoa errepikatu zen. Perdido eta Neouville inguruetan, irratirik eta telebistarik gabe, kaktusen antzera, ur pixka bat eta gauza gutxi behar genuen.

Zenbat eman digun mendiak, eta zenbat kendu digun. Gogoan dut Felix Iñurrategik Himalayan geratzea erabaki zuenekoa, zenbat negar egin genuen, lagun-mina izan ez arren ezagun genuen haren minez. Ostiralean bide berari jarraitu zion Otxoak. Aitari esan nionean gogorarazi zidan aspaldi Linzako aterpetxean edo, espedizio bateko kamiseta erosi geniola biok. Zenbat oroitzapen polit, triste eta indartsu.

Igandean ere, Elgoibarko itzulia lagun handi batekin osatu nuen, bosgarrenez edo. Aspaldi entzun nion mendizale handi bati, mendiak baduela zerbait, behin eta berriz paraje berak zeharkatu arren, mendizalea asperrarazten ez duena. Eta halaxe da. Udako oporretan urtero joaten gara Pirinioetara, urteko azken eguna Aizkorrin ospatzen dugu, maiatza amaieran Elgoibarri itzulia norabide berean ematen diogu beti... Beti berdin, eta beti ezberdin.

Nekeak akituta sentitzea, gorakoan izerdi tanten gatzak aurpegia erretzea, beherakoan urratuak nabaritzea... Nekea eta sufrimendua, sufrimendua eta gozamena. Mendian betikotu direnei gaurko gogoeta txiki hau. Mendian gora goazela, haien itzalak zain gaitzan aurrerantzean ere...