Agur eta ohore

Bart ez dut lo sakonik egin. Atzo ezkila hotsak nituen buruan. Jira eta buelta izara artean. Esnatu naiz, inoiz lorik hartu badut. Eta ezkila hotsek zugana eraman naute. Joan zara. Ikaragarri sufrituta. Ezin esango dizut orain, lehen esan ez dizudanik. Baina paperak zuriz uztea baino gauza gogorragorik gutxi da.

 Uda aurretik joan behar omen zenuen, eta uda ostean joan zara. Negua baino gogokoago zenuelako uda, seguru. Negu gorriari ihes egin nahi izan diozula pentsatuko dut beti, eta udaberriko lore artean imajinatuko zaitut zure bide berrian. Izan dadila loretsua hemen izan duzunaren pare. Liburu bat besapean, eta irribarrea aurpegian, gazteekin solasean.

 Euskal Literaturaren urrezko orrietan geratuko zara betiko. Hedabideek lau haizetara zabalduko dute zure izena. Baina ororen gainetik, gertu izan zaitugunok lagun, aholkulari eta osaba izango dugu gogoan beti. Zenbat on jaso dugun zugandik, zenbat oroitzapen utzi diguzun.

Izan zaitez beti zu, osaba Gotzon laguna.

Elgoibarren, 2008ko urriaren 8an.