Asier Odriozolarekin hizketan

 Eitb komunikazio-taldeko albistegietako aurpegi politena duela diote askok. Urteak daramatza arratsaldero hango eta hemengo berri euskaraz ematen. Lasartearra, filologian lizentziaduna, kirolaria. Ororen gainetik, komunikatzeko gaitasuna du ezaugarri. Asier Odriozola da. Termometroaren jolasa egin dugu berarekin: berdetik gorrira bota dizkiogu galderak, edo bestela esanda, hotzetik berora.



1706640185825 Asier Odriozolarekin hizketan

-Filologia ikasketak egin zenituen. Zer dela-ta ari zara aurkezle?
Euskadi Irratian froga batzuk gainditu eta han hasi nintzan. Gero luzea izan da, eta bitxia, aurkeztu artean egindako bidea.
-Arratsaldez aritzen zara ia beti. Goizeko albistegitik arratsekora, zer alde dago?
Goizetan denbora gutxiago dute gehienetan albisteak prestatzeko. Arratsaldean landuago joaten da.
-Zer ezaugarri izan behar ditu aurkezle onak?
Gustoen araberakoa da hori.
-Komunikatzeko gaitasuna dohaina da XXI. mendean, eta zuk aldeko duzu hori, ezbairik gabe. Pentsatzekoa da bestelako eskaintzarik izango zenuela zure ibilbidean. Zergatik zaude ETBn?
Eskerrik asko losintxagatik. Eskaintza asko izan ditut mundu osoko komunikabideetatik jaja... Baina, ni gustura ETBn.
-Zer indargune eta zer ahulgune dituzu aurkezle izateko? Kritikatu zeure burua.
Aldekoa, gehienetan gozatu egiten dudala aurkezten dudan bitartean. Kritikak ikus-entzuleen esku uztea nahiago.
-Albistegiaren aurpegia zara. Baina nolako tartea izaten duzu albisteak ematerakoan? Non amaitzen da albistegi buruaren lana, non hasten zurea?
Editoreak albistegia tajutzen eta azaltzen digu. Gero kazetari bakoitzak bere albistea lantzen du eta aurkezleok lantaldearen prozesu horrek ematen duena plazaratzen dugu.


1706640185861 Asier Odriozolarekin hizketan

1706640185901 Asier Odriozolarekin hizketan

-Adrenalina dexente pilatuko duzu zuzenean ari zarenean… horregatik zara agian kirolaria?

Ez. Beti izan naiz kirolzalea. Besterik da lantegi honek batzuetan berarekin duen tentsioari irtenbidea emateko oso egokia izatea kirola.
-Zergatik bizikleta? Askotan entzun izan dizut, ez duzula ezaugarri aproposik pedalei eragiteko.
Hori egia da. Nire zangoak ez dira egokienak bizikletarako, eta berez pixuko gizona naiz. Oso gorputzaldi onean eta asko entrenatu ondoren nekez naiz 78 kilo baiño gutxiago.
-Quebrantahuesos hainbat aldiz egin duzu, bestelako lasterketa zikloturistak ere bai. Zer da zailagoa, halako bizikleta saio bat, ala albistegia aurkeztea?
Bai batean bai bestean momentuak daude. Estuasun handiak pasa ditzakezu albistegi batean, dena hankaz gora ateratzen bada une traketsen batean, eta bizikleta froga luze eta gogor horietan ere asko sufritzen da.
-Laguna duzu Joseba Iriondo. Hura ere kirolzale amorratua da. Telebistako aurkezle izateko, kirolaria izan behar da? Ala, elkar kutsatzen duzue?
Hura ni baino urrunago joan da kirolarekin. “Iron Mana” da Ioseba, ni hezur-mamizkoa. Eta bai, nik uste alboan dagoena gustura ikusten baduzu kirola egiten, akaso norberari horretarako gogoa egitea normala dela.
-Ez da erraza izango, telebistan horrenbeste ordu eginda, kirolari eta etxeko martxari eustea. Nola entrenatzen zara?
Haurra izan nuenetik (bi urte egingo ditu laster) gaizki ibili naiz, baina irailean ikastolan hastekoa da, eta hortik aurrera ez dut entrenamendurik barkatuko.


1706640185938 Asier Odriozolarekin hizketan

-Kirolzalea bazara, baña parrandazalea ere bai. Herriko festak ala EITBko jaiak, zer duzu nahiago?
Herriko festak betikoak dira nire agendan, eta betirakoak gainera. Oso nire herriko sentitzen naiz.
-Nolakoa da Asier Odriozola herriko jaietan? Eta EITBkoetan?
Herrian koadrillarekin egoten naiz, urte osoan ez bezalako giroan. San Pedro bezperan gau-pasa galanta eta 8ak aldera denok soziedadera gosaltzera. EITBkoetan, formal. Azkenekoan gainera taxista lanak egin nituen eta ez nuen batere edan, nahiz kotxekideak zain eduki nituen luzaro.
-Euskal Herrian ezaguna zara. Ligatzen laguntzen du?
Inoren gustuko bazara momentu batean…nola jakin telebistagatik den ala bestela erakarri duzulako den? Pentsatu nahi dut neuregatik dela, noski, baina ez dago jakiterik.
-Jarraitzaileren bat izango duzu, seguru. Kontatu anekdotaren bat.
Juergaren batean inork esan izan dit: nire amaren edo nire amonaren oso gustukoa zara. Beti pentsatu izan dut hori esan izan didanak izango zuela agian arrebaren bat...
-Zein da esan dizuten gauzarik politena? Edo, konprometituena?
Gauzarik “kañeroena” ez dago esan ere egiterik. Politenetakoa, neska batek erdi gaixorik zegoela esan eta “Odriozolitisa” zeukala erantsi zuen. Gezurtxoa, baina polita. Baita intentsitate handiarekin idatzi izan didaten “Asiiiiiiiiiiiiii”, ere.
-Albistegiaren ostean...afaria, parranda, ala etxera txintxo-txintxo?
Afari osteko parrandazalea naiz, berez.


Motz-motz
  • Herri bat: Lasarte-Oria
  • Zaletasun bat: Bizikleta
  • Bertute bat: Alegrantzia
  • Akats bat: Gauzak atzeratu zalea
  • Leku kuttuna: Gaztelugatxe
  • Liburu bat: Larrosaren izena
  • Kanta bat: Further on
  • Kolore bat: Itsusien kolore omen den urdina
  • Film bat: Dangerous liaisons
  • Jaki bat: hainbeste...
  • Bidaiatzeko lekua: Salvador de Bahia, Brasil.