2011ko azaroa zen. Laguna eta biok Perdidori begira geratu ginen une batez. Eskupideran, 30 minuturen faltan, agur esan eta buelta erdi eman behar izan genuen. Elurra arriskutsu zegoen. "Tontorra pastelaren ginda da, Loramen. Goraino iritsi gabe ere, pastel osoa jan dugu." Hori esan zidan. Geroxeago aitortu zidan, Iñaki Ochoaren hitzak zirela.

Iñaki Ochoa de Olza  (Iruñea, Nafarroa, 1967ko maiatzaren 29a - Annapurna, 2008ko maiatzaren 23a)

2008ko maiatzaren 23an eman zuen azken arnasa Ochoa de Olzak, Annapurnan. Albistea jaso, eta aitak deitu zidan: “akordatzen nola behin, orain dela urte asko, kamiseta bat erosi genion Xoxoten? Mutil hark beti zeukan irribarrea aurpegian”. Aitak esandakoa akordatu, eta Ochoaren argazki bila hasi naiz han-hemen. Eta bai, argazki denetan ageri da mutil ilehori bat, irribarrea aurpegian marraztuta.
 Iñaki hizketan dela hasten da filma. Anapurnaren oinetan. Tontorrera lehen saiakera egin ostean, 7.400 metrora gelditu zen Iñaki, ondoezak jota. Espedizioko kide batek, Horiak, 72 ordu egin zituen bere aldamenean. Bitartean, nazioarteko mendizale eta lagunek Iñaki salbatzeko dispositiboa jarri zuten martxan.
 Ez det dokumentala hitzez hemen azaldu nahi, horretarako baitago dokumentala bera. Ikusteko, alegia. Pura Vidak niri zer sortu didan azaldu nahi nuke. Zinematik atera, eta ezin konta ahala sentimendu piztu zizkidala konturatu bainintzen. Eta batez ere, zentzumen guztiak aktibatu zizkidala.

  • Elkartasuna: erreskatean parte hartu zuten zenbaitek elkar ezagutzen zuten. Baina beste batzuek ez. Etxea, familia eta bizimodua utzi, eta Nepalera joan ziren. Gauza batek elkartzen zituen: mendizaletasunak. Anapurnan gertatzen ari zena hizkuntza, kultura eta herri guztien gainetik, Euskal Herrian eta nazioartean bizi izan zen.
  • Usaina: film osoa pasatu det ikus-entzunezkoek oso gutxitan ase dezaketen zentzumen bat ase nahian: usaimena. Zer usain ote zegoen oinarrizko kanpalekuan? Zer usain ote zegoen Anapurnan goizaldeko 3retan?
  • Zarata: mendira bake bila joaten gara asko, eta han nagoela, niri bederen oso bortitzak egiten zaizkit oihu eta hizketaldi ozenak. Egia da behin baino gehiagotan ikaratu nauela mendiko isiltasunak. Baina areago ikaratu naute isiltasun hori hautsi duten zaratek: dela helikoptero bat, dela jendearen hizketaldia. Anapurnan ematen zuen isiltasuna zela nagusi. Baina haizeak bortizki hausten zuela tarteka isiltasun hori. Nolako zarata entzungo zen mendi artean dantzan zihoan helikopteroan?
  • Koloreak: txunditu egin naute filmeko koloreek. Horren elur zuria batzuetan; horren kale grisak besteetan. Iñakiren neska-lagunaren ile horia. Zeru urdina, eta elur-malda amaigabeetan mendizaleak puntu beltz bihurtuta. Irakasle batek azaldu zidan behin, kolore bero eta hotzak daudela, eta hotzek gehienetan garbitasuna adierazten dutela. Pura Vidan, kolore hotzak dira nagusi nere ustez: zuria eta urdina.
  • Hotza: hotz handienak mendian pasatu ditut nik. Baita udan ere. Pura Vidan, egun eguzkitsuenak ere izoztuta zeudela zirudien. Mendizaleen arteko berotasunak ere ez du epeldu Nepalgo hotza. Beti izan det zalantza bat: mendizaleen jantzi berezi horiek, benetan berotzen al dute? Ia elurrak irentsita dagoen kanping denda batean, kanpoan zein barruan egon, ba al dago alderik?
  • Denbora: hauxe da agian ikusmin handiena sortu didana. Pura Vidan ez dago ordurik. Berdin dira goizaldeko hirurak zein arratsaldeko laurak, berdin gaueko hamarrak zein eguerdiko ordubata. Nolakoak izan ziren Horiak Iñakiren aldamenean igaro zituen 72 orduak? Luze joan zitzaizkion? Azkar? Ordurik gabeko uhartea iruditu zait Anapurna. Eta askotan, bizitza errealetik urruntzeko, inbidia ere eman dit hangoak.
  • Teknologiak: eguneroko kaosetik urruntzeko joaten gara mendira, baina gero, ze polita den argazki bat maite duzun jendeari bertatik bertara bidali ahal izatea. Teknologia berriak ere sartu dira dokumentalean: telefonoak, ordenagailuak, gps-ak, punta-puntako helikopteroak. Hala ere, gizakiaren baliabideak txiki geratu dira filmean, Anapurna handiari aurre egiteko.

1706638037653 Pura Vida

Hori guztia eta gehiago izan da Pura Vida niretzat.
  Iñakiren bizitza mendia zela ikusi det. Guri mendia ikaragarri gustatzen zaigu, baina ez dugu mendian bizi nahi. Zeinen antzeko eta zeinen ezberdin garen pertsonak: denok itzultzen gara etxera, baina batzuentzat etxea gauza bat da, eta besteentzat bestea.
  Egileek esan dute Pura Vida ez dutela negar egiteko sortu, bizitzera bultzatzeko baizik. Dokumentala bikaina dela entzun izan dut. Neretzat, ordea, “bikaina” hitza Anapurna bera bezain handia da. Handiegia agian. Hitz batez definitu beharko banu, nik Pura Vida, “pentsaraztekoa” dela esango nuke.
  Idazten hasi naizenean, izenburuak eman dit gaur lana: "Ochoa de Olza in memoriam", "Anapurna"... eta azkenean, ezinbestean: Pura Vida. Nik deskubritu dudan bezala, orain, deskubritu dezala norberak, zergatik den Pura Vida dokumentala, benetan Pura Vida!