2003ko otsailaren 20an bekadun ari nintzen EITBren euskara sailean. Gogoan dut albisteak nolako zalaparta sortu zuen erredakzioan.

 

 Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, euskarazko egunkari bakarrari giltzarrapoa jarri zion Guardia Zibilak, eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia eta Inma Gomila.

  “Egunkaria itxi dute, ama”. Esan nion. “Lasai. Euskaldunak gara, eta honetatik ere indarberrituta aterako gara”.

Itxia baina ez isildua. Hurrengo egunean kalean zen Egunero, Egunkariaren lekukoa hartuta. Katea etetea galarazi zuen katebegia izan zen Egunero. 70.000 ale saldu ziren lehen egunean. Otsailaren 22an inoizko manifestazio jendetsuena egin zen Donostian, Egunkaria Aurrera! lelopean.

1706637742053 Egunkaria

1706637742105 Egunkaria


1706637742166 Egunkaria

1706637742240 Egunkaria

 Bost egun bakartuta egin ostean, otsailaren 25ean, baldintzarik gabe espetxeratu zituzten Torrealdai, Uria, Oleaga, Auzmendi eta Alegria. Otamendi, Gomila, Lazkano eta Goia aske utzi zituzten, bermea ordainduta. Soto del Real espetxearen atarian bertan, tratu txarrak eta tortura salatu zituen Martxelok.

  2003ko ekainaren 21ean kaleratu zen Berria, Euskaldunon Egunkariaren ondorengoa

  Urriaren 16an enpresa taldeko beste 8 lagun atxilotu zituzten. Urriaren 20an abokatua ere bai. Bermerik ordaindu gabe batzuk, bermea ordainduta besteak, urriaren 21ean libre geratu ziren Arrizabalaga, Diez, Etxeberria, Hernandez, Sorozabal, Sors, Azkune, Larrarte eta Legarra. 2004ko abuztuaren 2an atera zen Iñaki Uria 450.000 euro ordainduta.

  2009ko abenduaren 15ean hasi zen Egunkaria auziaren epaiketa. 2010eko apirilaren 10ean absoluzioa iritsi zen eta 2012ko urriaren 16an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak kondenatu egin zuen Espainia, Martxelo Otamendiren tortura salaketak behar bezala ez ikertzeagatik.

  2013ko otsailaren 20a da gaur. 10 urte igaro dira Egunkaria gabe. Makina bat langile, langile ohi, eragile eta lagun bildu dira Martin Ugalde kultur parkean. Jaurlaritzaren ordezkaririk ez omen da egon urteurren ekitaldian. Xabier Alegriaren senideak bai. Alegriarekin hitz egin omen dute telefonoz, eta esan die kartzelako patioan dagoela, kamiseta urdina jantzita.

Iñaki Petxarroman (Berria egunkaria): "Egun hura negargarria izan zen, nire bizitzako txarrenetakoa, baina erreakzionatzen kosta zitzaidan, laino batean egoteko sentsazioarekin egon nintzan ia egun osoan. Gaur berriz oroitzapenak datozkit, eta, urteen distantzian, dena uste baino gertuago dagoelako irudipena izan det".

  10 urte. Inoiz manifestazioetan ikusi ez nuen jendea atera zen kalera protesta egitera. Euskararen aurkako erasoa salatzera. Hauxe pentsatu nuen: egunero itxi behar ote digute euskararen ahoa, batzuek behingoz kalera atera daitezen? Gaurko albistegietan 2 minutuko tartea izan du Egunkaria auziak. Sare sozialetan ehunka babes-mezu jaso dituzte Egunkariak eta Berriak. Baina bihar Berria-ko langileak baino ez dira izango Martin Ugalden. Xabier Alegriak espetxean segituko du. Eta tortura salaketak torturatuen azalean baino ez dira geratuko iltzatuta.

  Dena den, eta urteurrenak hainbeste maite ditugunez... Euskal Herria, adi! Uztailaren 15ean, 15 urte beteko dira, Egin itxi zutela.