Urteak 365 egun ditu. Urteak 12 hilabete ditu. Egunak 24 ordu, eta orduak 60 minutu. Minutu bakoitzak 60 segundo. Hori guztia daukagu, eta hori guztia dauka euskarak. Euskarak ez duelako behar nazioarteko egun bakar bat, 365 baizik. Minutuz eta segundoz beteriko bizitza behar du. Atzo, gaur eta bihar.

1706637150239 365 egun

 
Euskarak plazak ere behar ditu eta bertsoarena irabazia du jada. Hain zuzen ere, Bertsolari Txapelketa Nagusia azken txanpan sartu dela eta, aurten, finalistei galdera: zer bertso egingo zenioke euskarari? 5 jaso ditugu, 3 falta zaizkigu, ea egunean zehar iristen diren.


Sustrai Colina

Euskara dut lan-tresna,
arnasa, magala,
mapa identitario
ta sentimentala.
Maiz pentsatu izan dut
nigan neramala
ohartu naizen arte
berak naramala.

Beñat Gaztelumendi
Nahiz euskarak ez izan
momentu erraza
hitza izanik bere
hauspoa, arnasa
bilakatu dezagun
solasa jolasa
hitza eman, hitz egin
eta hitza pasa.

Aitor Sarriegi
Abenduaren hirua ere
iritsi da azkenean
Euskaraz bizi nahi dugunontzat
ez garairik onenean
Sarri denbora galdu ohi dugu
festa eta omenean
baina euskaraz biziko gara
berez era gardenean
erabakia kontzienteki
hartu behar ez denean

Aitor Mendiluze
Euskararen Eguna
hitza dariola
iristen denik ezin
ukatu inola
bururatu zait zerbait
esan nahi niola
baina zerbait hau zer den
berez bost axola
kontua ez baita zer
kontua da nola.



Igor Elortza
Eman dit nortasuna
Eman dit maskara
Eroan nau lanera
Eroan festara
Eragin dit plazera
Eragin ziztada
Bizi ta jolastea
Hori da euskara