Maiatzaren 25ean jokatuko da munduko mendi lasterketa onena: Zegama-Aizkorri mendi maratoia.

 

1706636793183 Zegama

14 euskal korrikalari elkarrizketatu ditugu: zenbagarren aldiz hartuko duzu parte? Zer da Zegama zuretzat? Zer helbururekin zoaz aurten? Irakurri haien erantzunak eta hartu parte Berriaren lehiaketan: nortzuk izango dira azkarrenak?  
 
 
 
Jokin Lizeaga: 5. Zegama izango da aurtengoa. Prestaketarekin pozik nago, espero baino hobeto ikusten dut neure burua, gustura entrenamendu zein lasterketetan. Horrenbestez, Zegamarako prest eta gozatzeko motibatuta. Aurtengo helburua xumea betiko moduan: lasterketan gozatzea eta ahal bada ikusleak gozaraztea, lasterketan ilusioari eutsiz. Denboren munduan murgilduta, azken bi urteetako denboretara gerturatuta oso pozik egongo nintzateke. 4 ordu eta 8 minutu behar izan nituen 2013an. Kostako zait.

Ana conde: Lehenengoz hartuko dut parte Zegaman. Egungo lasterketa garrantzitsuenetakoa da niretzat eta mendiko lasterkari ororen helburu nagusietakoa ere bai. Aurten Zegama eta Espainiako Kopa dira nire helburu nagusiak, gainerakoak egunez egun erabakiko ditut.

Iban Letamendi: Aurtengoa bigarren Zegama izango da niretzat. Zer den niretzat Zegama? Inoiz egin dudan lasterketa hunkigarriena. Gertuko jende pila bat egoten da animatzen eta hori paregabea da. Lasterketa bikain asko daude, baina batek ere ez du ematen Zegamak ematen duenik. Behin batek esan zuen bezala, Zegama is Zegama. Zer asmorekin noan? Egia esan disfrutatzea gustatuko litzaidake, iaz asko disfrutatu nuen eta. Baina halako lasterketa gogorra izanik ez da beti posible izaten. Asmoa iazko lana errepikatzea da, gutxienez sentzazio berdinak edukitzea.

Maite Maiora: Zegama lasterketa berezietan bereziena dela esango nuke. Ibilbidea, antolaketa, afizioa eta batez ere etxean egotea! Nire helburua urterokoa izango da aurten ere: ahal dudan guztia ematea, eta horrekin postu on bat baldin badator, ongi etorria izango da!

Imanol Goñi: Aulestin esaten duten bezala, berdin du zer irabazi edo zer lortu duzun herriko mugetatik harago: munduko kopan Italian, Suitzan edo Malaisian. Berdin dio hangoak! Herrian, etxean, erakutsi behar omen du nork bere balioa eta horixe lortu nahi dut Zegaman. Laugarrenez hartuko dut parte eta helburua aurreko marka hobetzea izango da. 4 ordu eta 20 minututik jaistea ondo legoke. Prestaketa berezirik ez dut egin, lasterketa asko eta ugariak daude. Helburu orokorra hobetzen joatea da.

Leire Agirrezabala: Zegaman parte hartuko dudan lehen aldia izango da, beraz, izugarrizko ilusioa daukat eta aldi berean izugarrizko errespetua ematen dit. Mendi lasterketen erreferente handienetako bat izateaz gain, euskaldun askorentzat eta niretzat bederen sentimendu eta emozio handiko lasterketa da Zegama. Ikusten izan naizen guztietan oilo ipurdia eta negargura izan ditut, transmititzen duen emozioa dela eta. Nire asmoa lasterketaz disfrutatzea da, izugarrizko gogoa daukat emozio hori barrutik bizitzeko. Ahalik eta ondeen egiten saiatuko naiz, noski, baina bereziki gozatu egin nahi dut. Bertan izatea saria da niretzat, sari horretaz disfrutatzeko aukera izan nahi dut. Prestaketa ikusiko dugu nola doan. Hala ere, aurten nire denboraldia luzea izango da eta ez dut Zegama bereziki prestatu. Zegama ostean korri egiteko mendi asko egongo dira oraindik.

Aritz Egea: Aurtengoa nire 3. Zegama izango da, mendiko lasterketetan aritzearen arrazoia. Urteko lasterketa da Zegama. Irabazteko asko eta galtzeko gutxi dudalako sentsazioa daukat aurten eta arriskatzeko asmoz aterako naiz. Horrenbestez, dendora oso ona edo oso txarra egingo dut. Entrenamentuak Jokinek prestatzen dizkit eta %100ko konfiantza dut harengan. Orain arteko entrenamenduak eta helburuak ongi betetzen ari naiz eta bide berean jarraitzea da asmoa, betiere selekzioko taldekideekin momentuak partekatuz eta Iokini kasu eginez. Lana ongi eginez gero, ziur emaitzak aterako direla.

Uxoa Irigoien: Zegama-Aizkorri amets bat da niretzat; baita erronka pertsonal izugarria ere. Lehen aldia izango da horrelako distantzia luze batean arituko naizena eta lehen maratoia Zegamakoa izatea estreinaldi paregabea izango da! Aurreko urteetan inbidia handia pasatu dut ikusle gisa giroarekin eta aurten korrikalari gisa han egotea izugarria izango da! Gainera Euskal Selekzioarekin joango naz eta ilusioz gainezka nago! Helmugara irribarre batekin iristeko asmoz noa, eta irribarre txiki batekin bada ere, ez da seinale txarra izango. Gozatzera aterako naiz, kasta jarri eta ahal dudan ondoen egitera. Errespetuz eta indarrak neurtuz, beldurrik ez baina errespetu handiarekin bai. Oso pertsona urduria naiz eta nerbioak kontrolatzeak ematen dit beldurra. Oraingoz gustura ari naiz entrenatzen, fisikoki indartsu sentitzen naiz eta konfiantzarekin. Ea egindako lanak fruituak ematen dituen!

Javi Dominguez: Nire hirugarren Zegama izango da aurtengoa. Urteko lasterketa onena da niretzat, osagai onenak dauzkana: korrikalariak, paisaiak, jendea animatzen eta antolaketa. Urtero ateratzen naiz lasterketan gozatzera eta lagunekin partekatzera, eta joan den urteko emaitza hobetu baliteke ondo baino hobeto. Zenbait aste lehenago lagunekin egiten dut ibilbidea eta igoera bakoitzean lasterketaren eguna izaten dugu buruan, igoera bakoitzean zenbat jende egongo den pentsatzen joaten gara. Izugarria da!

Oihana Azkorbebeitia: Aurten nire zazpigarren Zegama-Aizkorri izango da eta oso ezberdin biziko dudan arren oso pozik nago korritzeko aukera dudalako. Zegama-Aizkorri ez da beste lasterketa bat. Ibilbide osoan bizi den giroa eta emozioa ezin dira hitzez adierazi, bizi egin behar dira. Espainian eta munduan lasterketa ugari egin ditut eta Zegama-Aizkorri bakarra da. Dena den, aurten nire asmoak oso bestelakoak dira: Alluitz jaio zenetik nire bizmodua guztiz aldatu da eta harekin batera baita nire lehentasunak ere. Nire entrenamenduak ez dira lehengoak (ezta nahi ere), eta beraz emaitzak ere ezin ordukoak izan. Gorputzak ezberdin erantzuten dit orain. Aurten helburu nagusia helmugara osorik heltzea izango da eta nire betiko denboretan ibiltzeko aukera badut ezin hobeto. Desiatzen nago maiatzaren 25a noiz helduko!

Iñigo Lariz: euskal korrikalari gehienontzat bezala, Zegama oso lasterketa berezia da niretzat. Agian maratoi distantzian munduko lasterketa onena ere bai. Parte-hartzaileen maila izugarria da, ezin hobea. Antolakuntza ere bikaina da: badakite korrikalariak zer behar duen eta haiek zaintzeko ardura hartzen dute. Baina Zegama ikusleek egiten dute berezi. ibilbide osoan egoten da jendea animatzen. Toki jakinetan jende asko pilatzen da, Santi Spiritun eta Aizkorri puntan, esaterako. Izugarri berezia da horrenbeste jenderen artean zure izena denen ahotan entzuten aldapan gora igotzea. Nik lasterketa bertikalak egiten ditut batez ere, 45 minutuko esfortzu gogorra eskatzen duten lasterketak dira eta horrenbestez maratoia oso luzea da niretzat. Lasterketaz gozatu eta denbora txukuna egitea beste helbururik ez dut. Entrenamenduak lasteketa bertikaletan ditut oinarrituta baina azken hilabetean kilometro gehiagoko saioak egiten ari naiz. Ez dut lesiorik izan orain arte eta ea azken aste hauetan sasoi puntu polita lortzen dudan.

Uxue Fraile: Aurtengoa hirugarren Zegama izango da niretzat. Etxeko lasterketa da, izugarria, oilo ipurdia jartzen dizun lasterketa, gozamena eta sufrimendua! Asmoa? Aizkorri gainean irribarre egin nahiko nuke, orain arte ez baitut lortu. Egun ona eduki nahi nuke, eta bost orduan egiten badut, primeran! Prestaketa ez doa nahi bezain ongi, baina aurrera jarraitzen dugu. Denboraldia luzea da aurten eta gainera proba luzeagotara begira nago.

Iokin Garai: Nire laugarren Zegama izango da. 2011n eman nuen izena lehen aldiz, dortsala egokitu zitzaidan eta ordutik urtero izan dut dortsala lasterketan egindako denborari esker. Kilianek esaten duen moduan Zegama Zegama da. Ez dakit zenbat aldiz irabazi duen eta etortzen jarraitzen du. Munduko mendi lasterkari guztiok egin nahi dugun proba da, ibilbidearen edertasunagatik, ibilbidean sortzen den giroagatik eta boluntarioek eta Zegamako herriak korrikalaria etxean bezala sentiarazten dutelako. Niretzat, festa izan ohi da. Atzean uzten ditut prestaketan pasatutako sufrikario, hotz eta beroak, eta etxeko lanak bukatuta daudenez, eguna disfrutatzen saiatzen naiz, nahiz eta beti ez lortu. Arazo fisiko batzuk izan ditudan arren uste dut prestaketa nahiko ondo doala. Azken hilabetean pare bat lasterketa egin ditut txispa hori hartzeko. Aurten ere Zegama izango da nire helburu nagusietako bat eta aurreko urteko arantzatxoa kentzen saiatuko naiz, sekula baino hobeto egonda oso egun txarra izan eta ez nuelako disfrutatu. Hortaz, disfrutatzera aterako naiz aurten; lasterketan disfrutatuz gero, ziur denbora eta emaitzak onak direla.

Aitziber ibarbia: Aurten hirugarren aldiz hartuko dut parte Zegama-Aizkorri lasterketan. Ikusle gisa, ordea, ia urtero joan naiz festa handi horretara. Horixe baita Zegama-Aizkorri, mendi lasterketen eta oro har mendizaletasunaren festa handi bat. Aurten aurreko bi urteetan baino denbora gutxiago eman diot prestaketari, eta beraz, askoz lasaiago aterako naiz, presio gutxiagorekin eta denbora jakin bat egiteko aurreikuspenik gabe. Disfrutatzen saiatuko naiz, baina ahalik eta lasterketa txukunena egiteko helburuarekin. Ea egun ahaztezina izatera iristen den.

1706636793287 Zegama

1706636793352 Zegama