Argazkiak esaten dit, askatasuna. Euskaltzaindiaren Hiztegiak dio 'Eragozpenik eza, traba gabezia'. 'Besteren mendeko ez denaren egoera' eta 'Zapalkuntzarik eza'. 'Atxiloturik ez dagoenaren egoera' eta 'gizabanakoen oinarrizko eskubidea'.

Askatasuna da niretzat mendira joan eta gure bazterrak ikustea. Orobat, etxeko txokoan yoga pixka bat egitea. Danele Sarriugarteren Angela Davisekikoa erostea Durangoko Azokan. Eta irakurtzea, askatasuna bortizkien zapaltzen zen esklabotza garaian ere, emakume beltzek bazutela euren txikian matxinatzeko indarrik. Askatasuna da Ibon Sarasola entzutea eta irakurtzea. Eta askok, gehienek, sumindura eta probokazioa ikusten dituzten hitzetan, autokritika eta eboluzioa ikustea. Eta sentitzea badela jendea bizi dena euskarari emana, euskararekiko miresmenez eta Euskal Herriarekiko gogoz. Askatasuna da 'ZirKorrika' entzutea. Eta hura entzunez dantzan ikustea oinak zangotrabatuta dituztenak ere. Askatasuna da irakurtzea Uxue Alberdiri eginiko azken elkarrizketa, Garan, Literatura Sariaren harira: aberats euskaraz eta euskarari buruz; ausart beldurrez eta bizitzaz. Askatasuna da entzutea Jon Maiaren Kantu bat gara. Eta ikustea 8 minutuan euskaraz idatzitako hitzek nola hunkitu zuten mundu bat, are euskaraz ez zekiten asko ere. Askatasuna da entzutea Lorea Agirre Dorronsoro. Esanez euskara hautu bat dela, politika dela. Eta bagarela nor. Esanez ezin gaitezkeela izan feminista euskaltzale izan gabe; ezta euskaltzale ere, feminista izan gabe. Askatasuna da telebista itzaltzea, isilaraztea irrati bat eta ematea ahotsa beste bati, edo erostea irakurle gutxien daukan egunkaria. Ezkutatzen eta desitxuratzen saiatzen diren errealitate hori bilatzea eta ikusaraztea. Eta 'beste bat loturik deino, ez gara libre izango'. Eskafandra taldeari ongietorria eginez amaitu nahi dut; ikusarazi didalako menperakuntzak oro askatasunerako bidea direla.