Urresteiko ertza (Atxarte)

Lagun batek esan dit: loramen, gaur hartu kaskoa eta arnesa, mendira joango gara eta. Eta halaxe izan da, mendira joan gara. Baina aitortu behar dut: kaskoa eta arnesa hartzeak urduritasuna eragin dit.

Arratsaldeko 17:00etan iritsi gara Mandiolara. Eta bat-batean ahaztu zait lanetik natorrela: ederra da oinetakoak belarretan aldatzea. Atxarteko harrobitik Aitz-Txiki eta Alluitz ikusten ditugu. Eguzkiak zertxobait epeltzen du giroa.
2017 11 03 Ainhoa Lendinez
Erreka txiki bat gaindituz eskuin aldeko mendietara jo dugu. 15 bat minuturen buruan iritsi gara Urresteiko ertzaren magalera. Ni ez naiz eskalatzailea, ezta alpinista ere. Baina lagunak ongi ezagutzen nau, eta Urrestei nik egiteko modukoa dela badio, aurrera.
 2017 11 03 Soka Atxarten
Lotu ditu sokak, mosketoiak eta torlojuak, eta eman dit burdina mordoa. Hasi da mendian gora. Arin, harrigarriki haitz lehorrean hazten diren belarrak ezker-eskuin saihestuz. Bost minutura oihu egin dit: zure txanda, loramen! Hasi naiz: hemen eskua, hemen hanka, ez hemen hanka, han eskua. Ezin dut. Eta goitik oihua berriro: begiratu haitzari, sentitu mendia, pentsatu eta egin! Ufa! Lehen oina jartzea izan da zailena. Hura jarrita, moldatu naiz lau hankan nola edo hala gora egiteko. Nik neuk ere saihestu ditut belar harroak. Kareharrian zulo ikaragarri sakonak daude. Eta helduleku bikain bihurtzen diren ertzak ere bai han-hemen. Horrela joan dira lehen metroak.
2017 11 03 Atxarte soka
Nik badakit lagunaren ohiko martxa geldotzen ari naizela, baina ez nau kezkatzen. Badakit pozik dagoela ni gozatzen ikusita. Kosta ahala kosta. Elkartu gara lehen metroen ostean. Ondo zaude, ezta? Eta baietz egin diot. Orain elkarrekin goaz, gero hura aurretik eta ni behean soka ematen. Bideko burdinak jaso, soka hanka artetik atera, korapiloak desegin, eta tarteka Alluitzi begiratu. Ez dakit ordubete daramagun haitzean, edo egun osoa. Hego-haizea dabil gaur, eta iluntze ederra datorkigu. Ez dut behera asko begiratu, eta ez nau ikaratu garaierak. Ni neu ere harrituta nago, eta liluratuta. Etxeko bazterrekin liluratuta. Gure bazterrak.
 2017 11 03 Atxarte
Bagoaz aurrera. Badakit gorago pauso zailtxoago bat dagoela, bai behintzat niretzat. Igo da laguna, eta iritsi da nire txanda. Eta bai, mendiak neure lekuan jarri nau berriz. Ni ez naiz eskalatzailea. Lagunak lagunduta pasatu dut haitz zapala. Gora iristean han dago zain: ondo zaude? Ondo nagoela esan diot. Baina ez da nahikoa: begiratu begietara, ondo zaude? Horrelako uneak ezin dira hitzez azaldu, bizi egin behar dira.
2017 11 03 ilunbarra mendiaBeti pentsatu dut mendiak jende zoragarria ekarri didala bizitzara. Arriskua segurtasun bihurtzen duen jendea. Horregatik lagunei askotan esaten diet: nork bere mendi-lagunak bilatu behar ditu. Ni neu ez naiz edonorekin joaten mendira, besteak beste, mendiarekiko errespetuagatik.
Eta jarraitu dugu aurrera. Eguna abailtzen. Udazken koloreak inguruan. Eguzkia lokartzen eta ilargia esnatzen. Kopetako argia makal, baina ilargiarena indartsu. Eta rapelean ere ez naiz trebe, baina jaitsi naiz, jaitsi nau, eta gozatu dut. Eta oinak berriro lurrean jartzean, lasaitua hartu dut, baina zinez eman dizkiot eskerrak lagunari, aspaldiko arratsalde ederrena oparitu didalako: mendian eta etxean, irribarre baten truke.
2017 11 03 Mendia Lendinez19.44.47

Esan diot gaurkoak luze iraungo didala barnean. Eta ohartu naiz zenbat maite dudan mendia, zenbat maite ditudan mendiko lagunak. Ohartu naiz ez naizela ez eskalatzaile, ez korrikalari, ez alpinista. Baina bai mendizale. Eta horrekin aski eta asko dela. Ikusten dut jendea marka hau eta beste egin nahi duena, mendi hau eta beste igo nahi duena, lasterketa luze bat eta are luzeagoa egin nahi duena. Nork bere mugak ezagutzea da mendia. Hala erakutsi zidaten niri, eta hala gozatzen dut nik.

2017 11 03 Ainhoa Lendinez eskalatzen

Ederra izan da Urresteiko ertza. Nahikoa eta sobera loramenentzat. Han sentitutakoa jaso nahi izan dut hitzez eta irudiz. Han bizitakoa lagunarentzat eta niretzat izango dira bakarrik.
Ertzaren alderdi teknikoen inguruan gehiago jakitekohttp://eskalatzeneus.blogspot.com.es/2013/09/atxarte-urrestei-ertza-5b4c.html