Juernes! Gaur kamiseta garbia. Kaka eginda nago. Oro har, kaka eginda gaude. Gaurkoa luzeena eta gogorrena izango omen da. Baina azkoitiarrek esaten duten bezala: “esto es, ir hasiendo!” Halaxe atera naiz. Sin prisa pero sin pausa.

5. etapa

Phakding-Tyangboche
32 km
2850 m+
1650 m-
7 ordu eta 15 minutu

Namchera iritsi aurretik, etxetxoak ageri dira yak eta mando festa artean. Haurrak pozarren daude. Arreta eman dit eszena batek: 5 urteko 6 mutiko jolasean ari dira. Haiei begira adin bertsuko neskatila bat. Erratz lanak egiten dituen lasto-hari batzuk dauzka eskuan. Amak kasu egin dio, lurra garbitzen jarrai dezan. Gogorra da gero! Emakumea beti azpiratuta. Euskal Herrian, Europan, nahiz Nepalen! Gora feminazismoa.

Namchera iritsi naizenean urduri jarri naiz. Galtzeko lehen arriskugunea da. Eta ezin hutsik egin. Bidean atso nepaldar batek kontrako noranzkoa adierazi dit. Ez diot kasurik egin, eta asmatu egin dut. Baina pixka bat aurrerago, bidegurutze asko aurkitu ditut, eta bete-betean huts egin dut. Lost berriz ere. Pauso bakoitzeko galdezka noa: Runners? Race? Siamboche? Baietz diote denek, ondo noala. Baina badakit lasterketako ibilbidea beste bat dela. Hala ere, zorionez, ordu erdi amaigabearen ostean markak ikusi ditut berriro.

Aldarte hobearekin noa. Alai. Berriz ere bat egin dut lagunekin. 2. Kontrolgunera iritsi garenean Marc katalana eta Diego mexikarra dauzkat ondoan. Perfekto! Aspertuta nago hainbeste barrita jateaz eta motxilan herenegundik daramadan arrautza egosia jatea erabaki dut. Kaka. Kaka bete-betean. Jan orduko nabaritu dut sabela irauli zaidala. Marcek eta Diegok esan didate eurekin joateko. Eta banoa. Baina sabelean daukat atentzio osoa. Ez nago ondo. Oka egiteko gogoa. Botagurea. Indar falta bat-batean. Marc eta Diego urruntzen ari zaizkit, eta ni gero eta makalago. Gelditu eta berriz pentsatu gabe, dena bota dut. Atzetik datozen bi lagunek ura eman didate eta burua freskatu. Sabela hobeto daukat, baina oso ahul sentitzen naiz. Kostata noa oinez, mendian gora. Ibilbide laburtua hartu nahi dudan galdetu didate antolakuntzakoek. Indarra atera dut hauxe adierazteko: Ni pa dios! Euskalduna naiz, ero xamarra, oxigeno falta daukat eta arrastaka bada ere, jatorrizko bidea amaitu nahi dut (txantxa da, ama). Nill katalanarekin noa. Hura ere gaizki dago. Ahul, hotzikarekin eta oinez goaz biok. Behartuta bada ere, barrita bat irentsi dut eta hobeto nago. 4200 metrora iritsi garenean arnasa sakon hartu eta irribarrea itzuli zait. Bueltan da, loramen!

Ez kezkatu, ama. Giza gorputza zoragarria da. Kalte egiten diona kanporatu, eta hobera egiten du. Giza buruak ere gauza bera egingo balu, gaitzerdi. Kalte egiten digun oro baztertuko bagenu, makina bat depresio eta arrengura saihestuko genituzke.

10 bat kilometro dauzkagu orain garaieran. Ez daukat beldurrik, oso ondo sentitzen naiz. Pozarren noa. Ezin dut korrika egin, ez dudalako apenas jan, eta indarrak neurtu nahi ditudalako. Baina zoragarri goaz Nill eta biok oinez. Argazkiak ere atera ditugu. 5 egunetan lehen aldiz, sakelakoa atera dut proban zehar. Ama Dablam eta Lotseri argazkiak egin dizkiet gertutik.

Nill lagunari esan diot. Badakizu? Ordu zoragarriak ari dira izaten, gogoetarako baliatzen ari naizelako. Badakit zer idatziko dudan gaur. Menditzarroi begira, egia esan, erraza da inspirazioa lortzea. Eta horrela iritsi gara helmugara. Kostata, baina pozarren, 7 ordu pasatxoren ostean.

Lodgera iritsi, dutxa eta zopa beroa hartu, eta idazten jarri naiz, sutsuki.

A ver cómo lo vomito, inor mindu gabe. Askotan esan dut, eta berriz errepikatuko dut, ezer baino lehen, gauzak argi gera daitezen: ni ez naiz korrikalaria, ez naiz alpinista, ezta eskalatzailea ere. Mendizalea naiz, hori bakarrik. Hori argi utzita, aviso, vienen curvas! Everest Trail Race garaieran egiten den lasterketa bat da, ez besterik. Esan nahi dut, beste lasterketa asko bezala, paisaia zoragarriak ematen dio proba honi izena. Eta parean dauzkadan mendiei begira, ezin diot pentsatzeari utzi zer sentituko ote duten horma piko elurtu horietan zintzilik egoten diren mendizaleek.

Mendizaletasuna ulertzeko hainbat modu daude, ez dago zalantzarik. Lagun batek esaten zidan, berarentzat berdin-berdin direla mendizale, eskalatzaileak, alpinistak, mendi korrikalariak, perretxiko bila mendira doazenak zein patata tortila hartuta mendiari argazkiak eginez zoriontsu direnak. Dakort. Besterik da, ordea, norberari zerk eragiten dion zirrara.

Asko hitz egin dut honetaz lagunekin, eta beti iristen naiz ondorio berera: mendian egiten diren lasterketak dira hauek, baina lasterketak azken finean. Ezagutzen nautenek ondo dakite lehiakorra naizela. Lanean, bizitzan zein kirolean, oso lehiakorra. Lasterketak egiten ditut, bai, indartsu sentiarazten naute, neure buruari erronka jotzeko modu ezin hobea dira, eta lagun asko eman dizkit, gainera. Baina niretzat, mendizaletasuna, harago doa. Lasterketak ez dira iristen sentimendu hori ondo adieraztera. Egunotan, 50 bat lagun gara, mendi-paisaia zoragarri batean barrena lasterka. Ederra da ikustea gai zarela korri egiteko. Nola ez ba! Munduan pertsona asko daude korrika egin ezin dutenak. Baina egunotan etengabe joan zait pentsamendua menditzar hauetan zintzilikatzen direnak irudikatzen. Ez da inolaz ere nire ametsa, ez naiz gai, eta beldur izugarria ematen dit. Baina susmoa daukat azkenaldiko joerari eutsiko diodala Nepaldik itzultzen naizenean. Nire mailan, baina lasterketak apur bat alboratuta.

Lehenengo egunean hau esan zidan antolakuntzako lagun batek: “vas a hacer la carrera mas bonita del mundo, y vas a tener la mejor experiencia de monte de tu vida”. Baliteke paisaia kontuan hartuta orain arteko lasterketa ederrena izatea. Giroa ere, chapeau! Baina “la mejor experiencia de monte de mi vida?” No way! Boteprontoan, hauek bururatu zaizkit: Pasaia blues, Monte Rosa Skymarathon, Mont Blanceko igoera, Kilimanjaro, Urresteiko ertza, Teide, Anbotoko ertza, Kanal haundi neguan, Neus eskiekin, Perdido Xtrem, Atlas mendiak tolosar lagunekin, Txindokiko ertza, Maladeta eskiekin... sigo? Milaka oroitzapen dauzkat mendian, ezin ahaztuzkoak. Konparaketak ez dira onak, baina lo siento mucho, hau ez da izaten ari nire bizitzako mendi-esperientzia onena. Paisaia zoragarria, antolakuntza eta lagun berriekin giroa paregabea, baina mendi-esperientzia onena, ez.

Jaun andreok, izan gaitezen zintzoak. Hau mendi lasterketa bat da, beste lasterketa bat. Mendizale orok inoiz ikusi desio ditugun mendiek dekoratuta, baina lasterketa bat, korrikalarientzat egina. Nekez irudikatzen ditut proba honetan niretzat eredu diren mendizale asko. Nolanahi ere, herenegungo gogoetan jarri nuen bezala, menditerapia onenetakoa bai, izaten ari da.

izugarri pozik nago! Ikusiko baninduzu, oraintxe bertan, gorrotoa eragingo nizuke: 3900 metroan, sutondoan idazten, lagunen adar-jotzeak entzuten arrautzaren kontuarengatik, eta parean, leihoaren bestaldean, Ama Dablam, Lotse eta Everest eguneko azken izpien argitan. Nazkagarria naiz, ezta?

 Aurreko kronikak:

2019 11 15 ainhoa lendinez nepal everest trairace 5 etapa

2019 11 15 ainhoa lendinez nepal everest trail race zubian

2019 11 15 ainhoa lendinez everest trail race iancorless argazkia nepal