Konfinamenduari, ogia

-Zer moduz konfinamendua, Ainho?

-Ba egia esan, zoragarri!

-No me jodas, Ainho.

-Ba... egia da, labur geratuko zait konfinamendua...

-En fin. 

Limone Extreme, 2018 (Argazkia: Igone Campos)

Elkarrizketa hori izan dut egunotan lagun batekin baino gehiagorekin. Zer gertatzen zaigu? Ez al gara gai bizitzaren ikasketa barneratzeko? Bizitzan denok behar omen degu une batez STOP egitea. Istripu bat, lana galtzea, lesio bat. Bizitzak badaki gu nola geldiarazi. Orain ere bai. Aukera hau baliatu ordez, zergatik egiten diogu aurka etengabe? Mal.

Korrika, 2019

Mendira joateko irrikaz nago. Bai, izugarri amesten det mendiarekin. Horixe botatzen det gehien faltan. Beste gauza batzuk ere bai, baina edozer emango nuke mendira joateagatik.

Hala ere, etxezaleontzat, bizitza maite dogunontzat, izugarri garai oparoa izaten ari da. Esango dizut zer ari naizen egiten lanik ez dudan egunetan?

-Lo

-Entrenatu (nahiz indoor kirola gorroto dudan)

-Meditatu

-Dantza, bakarrik eta lagunarekin

-Abestu

-Afari oparoak bizilagun jatorrekin

-Arnoa edan

-Bete nahi ditudan ametsen zerrenda idatzi

-Mendiko argazkiak ikusi

-Lagunekin presarik gabe hitz egin

-Irakurri

-Infusioak hartu

-Etxea apaindu (garbitu ez, apaindu)

-Ingelesa ikasi

-Filmak ikusi

-Maitatu

-Errezetak irakurri

-Idatzi

-Neure burua zaindu

Eta noski, kozinatu. Neuretzat eta ingurukoentzat. Ogiaren hainbat errezeta probatzeko aukera izan det egunotan eta uste det gustukoena aurkitu dudala. Arroz irinez eginiko hauxe. Egin kontu osagaiei!

  • ? 100 gr arroz irin (artobeltz irinarekin ere probatu det eta oso goxoa)
  • ? 110 gr ur
  • ? Gatz apur bat
  • ? 10 gr Psylliumpsyllium (Glutenaren ordez erabiliko degu psyllium hautsa. Beherakoaz bazabiltza ez zaizu komeni)
  • ? Bikarbonato pixka bat (limoi urarekin aktibatuta) (ekodendako legamiarekin ere probatu det eta ondo ematen du)
  • ? Maca hautsa (gustatuz gero, ukitu ederra ematen dio)



Nahasi arroz irina, gatza eta psyllium hautsa. Aktibatu bikarbonatoa limoi uretan. Bi nahasteak nahasi, eta orea egin. Hasieran ore apurtua izango da, baina oratu eskuez. Jarri musika (Hauxe adibidez, Guantanamera), eta oratu abestiak iraun bitartean (kar, kar). Egin bola bat, eta utzi ontzi batean trapu batez estalita, bi edo hiru orduz.

Denbora hori igarotzen denean, oratu berriz eta eman ogi luzetxo baten forma. Ez ahaztu, labanaz mozketak egin, barnealdea hobeto egin dadin labean. Berotu labea 250 gradura eta bero denean, sartu orea eta egosi 20-25 minutuz 220 graduan. Voilá!

Bai, nik ere, egoera hau amaitzea nahi det. Baina ez lehengora itzultzeko. Ikasketa batekin atera nahi det honetatik. Nork egin dezala bere hausnarketa. Ni inoiz baino bizizaleago naiz konfinamendua hasi zenetik.

********************************************

GOSARI ASKOTARIKOAK

Saharako egonaldia hitz batez laburbildu beharko banu, hauxe aukeratuko nuke: lasaitasuna. Astebetez, ezagutu berri nituen lagunekin nahi beste orduz hitz egiteko aukera izan nuen. Ez dut sekula ahaztuko sentsazio hori. Deseroso sentiarazten ez gintuzten mila isilunerekin nor bere baitara murgilduta, eta eroso sentiarazten gintuzten milaka elkarrizketa partekatuta.

 

Ezinbestean elikadura kontuak ere atera ziren mahai gainera. Batez ere, nire jateko moduarekin zur eta lur zeudelako euskal babarrunzale, txuletazale, ogizale, gaztazale amorratu maiteak (kar, kar). 

Neure sen txaposoari jarraituz, saiatu nintzen haien ohiturak aldatzen. Ez det uste ezer lortu nuenik. Hala ere, gogoan daukat goiz batean, gosaltzen ari ginelarik, hauxe bota zidala lagun bihotzeko batek: kafesnea eta tostadak, ez? Zer gosaldu behar dut orduan, loramen? Ezin nuen aukera pasatzen utzi, eta askotariko gosarien zerrendatxo bat egin nion. 

Etxeko erreginarekin, Mahyuba Mahfri

Zuek ere eskatu didazuenez, hauxe da, Tindoufeko hareagunean egindako proposamen sorta:

Arroz-esnea: lehenengo mendiko errezetan aipatu nizuen bezala, arroz-esnea da nire eguneroko gosaria, era guztietako gehigarri goxoekin osatzen det: banana, maca, canella hautsa, sagarra...

 

Baina, tarteka, aldatzeko gogoa sortzen zait, eta hamaika aukera osasungarri dauzkat:

?Smoothie-ak: laktosarik gabeko jogurt naturala oinarrian, eta gainetik, mugurdi eta ahabi marmelada, arroz malutak, sagar konpota, maca hautsa eta polen pinportak.

? Askotariko tostak: glutenik gabeko ogia, oliba olioa, indioilar paparra, aguakatea eta gomasio hautsa gainetik. Gomasio hautsa aurkikuntza handia izan da. Mendiko egonaldi eder batean lagun mendizaleek eginiko oparia. Gatzaren ordezkoa, gatza eta sesamo haziekin eginiko bizigarria. Japoniar sukaldaritzan oso erabilia.

? Banana xerrak, canella hautsarekin gainetik.

? Bi arrautzaz eginiko tortila. Askotan, indioilar paparrarekin edo perretxikoekin.

? Galeper arrautzak. Propietate asko dauzkate. Egosita jateko, nahiz uretan frijituta, ogi gainean, izugarri goxoak dira.

 


? Askotariko tostak: glutenik gabeko ogia, oliba olioa, urdaiazpikoa edo indioilar paparra, azenario xehetua eta gomasio hautsa gainetik.

  

Irabiakiak: uste det lehen ere esan dizuedala, zukua baino hobe da fruta osorik jatea, edo bestela, frutak birrintzea. Bai, haurrei bezala. Nik batido edo irabiaki asko hartzen det. Gosaritarako, askaritarako, eta bazkaldu aurretik ere bai.

         

Hesteak garbitzeko, bazkal aurretik irabiaki bat hartzea gomendatu zidan Itziarrek. Mila osagarri zeuzkan: brokolia, fruitu gorriak, apioa, anana, mango, kurkumajengibrea, azenarioa, sagarra, wakame alga eta tartean berakatz beltza. Berakatz beltza oso ona omen da hesteetako parasitoak garbitzeko. (Itziarren webguneko atal honetan antzeko batido asko aurkituko dituzu)



? Irabiaki berdea: sagarra, azenarioa, apioa, espinakak, kale...

Banana irabiakia: arroz-esnea eta banana birrindu, eta canella pixka bat gehitu. 

    

Izan zintzoa eta aitortu: ez zenuen uste halako gosari osasuntsu oparoak egin zitezkeenik. Gosaltzeko ilusioa berpiztu zaizu, eta hemendik aurrera, pozik esnatuko zara, azukrerik gabeko gosari zoragarri batez gozatzeko. Ez al da ala? (kar, kar) 


********************************************************************************************************


PORRU PUDINGA

 

Araotz

Coronavirus, 2020!

Kanpoan ez denez giro, mendi buelta bat egin ostean, plan ezin hobea da sukaldean aritzea. Porruekin eginiko puding-aren errezetarekin nator gaur. Oso erraza da, eta goxo-goxoa. Osagai hauek beharko ditugu:


Bi porru handi

Patata handi bat

Bi arrautza

200 mililitro arroz-esne

Gatz pixka bat

? Pipermin pixka bat


Moztu porrua xerratan eta patata laukitxotan. Zartagin batean jarri olio pixka bat eta bero dagoenean bota porru-xerrak. Egin 5 bat minutuz. Gehitu patata eta egin beste 5 minutuz. Bi osagaiak eginda daudenean, nahasi arrautzekin eta esnearekin eta birrindu. Oreari gatz pixka bat eta pipermina bota.


Labea 180 graduan dagoela egosi orea 25 bat minutuz, eta kito!



Bilboko Kafe Antzokian zoragarri ematen dute jaten. Hantxe probatu nuen lehen aldiz porru-pastela edo pudinga, eta, maitemindu egin nintzen. Ordutik, sarri-sarri egiten dugu etxean. Azkenekoz Alluitz-Anbotoko ertza egitera joan ginenean, horixe izan zen gure jatekoa. Porru puding-a eraman genuen motxilan!

Alluitz-Anbotoko ertza 



********************************************************************************************************


MARMELADA


Salam, Euskal Herria!

Saharar errefuxiatuen kanpalekuetatik bueltan. Bidaia ederra bezain gogorra izan da. Ikasgai mordoa ekarri det handik: oso pribilegiatuak garela, gauza on asko dauzkagulako, eta oso geurekoiak, benetan baloratzen ez ditugulako.



Tindouf (Aljeria)


Jatekorik apenas daukan herri batetik etxera itzuli, eta, hozkailua bete jaki goxo aurkitu det. Ez al da eskertzekoa? Azukrerik gabe etxean egiten degun marmelada errezeta errezarekin nator gaur.


Itziarrek gomendatuta konpota eta marmelada egiten hasi nintzen etxean, eta egia esan, aurkikuntza handia izan zen, frutak egosita eta epel jatea oso ona baita sabelerako. Osagai hauek beharko ditugu:


? Sagarrak

? Mugurdiak

? Ahabiak

? Canella makila

? Jengibre hautsa

? Gatza (aukeran)


Lapiko txiki batean hiru hatz ur jartzen ditut, canella makilatxoa egosten jarri eta bota sagar bat txiki zatituta. Ondoren gehitu mugurdiak, ahabiak eta jengibre hauts pixka bat. Jaitsi sua eta egosi. 10 bat minuturen buruan samur-samur egongo dira. Canella makilatxoa kendu eta birrindu egiten det azkenik.



 



Batzuek gatz apur bat botatzen diote, zaporea indartzeko. Nik neuk bietara egiten det, gatzik gabe ere oso goxoa geratzen da. Fruta kantitatea egin nahi dezun marmelada kopuruaren arabera aukeratu. Sagar konpota egiteko prozesua berbera da, baina ahabirik eta mugurdirik gabe, eta noski, sagar gehiagorekin.



 


Hala konpota nola marmelada izugarri gustatzen zaizkit jogurtarekin jateko. Nik neuk laktosarik eta azukrerik gabeko jogurta jaten det, esnekiek ez didatelako onik egiten (bide batez, aurki idatziko det hemen coco esnearekin jogurt goxo bat egiteko errezeta!). Esnekiek eragiten diguten kalteari buruz gehiago jakin nahi badezu, irakurri Itziarren artikulu hauOgi gainean jateko ere izugarri goxoak dira biak, konpota zein marmelada!




Saharauiarrak euren lurretatik bota zituzten, eta, basamortuko infernuan bizi dira, hamadan, errefuxiatu izaera aitortuta, laguntza humanitario apurrarekin. Astebeteko egonaldia ez da ezer euren infernuan, baina gutxienez, begiak zabaltzeko balio izan dit niri. Bai, XXI. mendean, oraindik ere bada bizitzeko eskubidea ukatu zaion jendea. Saharar errefuxiatuek ez daukate ezer, ez dira bizi, biziraun egiten dute.



 


Shukraan, Tindouf!

#freesahara



********************************************************************************************************


OGI TERAPEUTIKOA


Al pan pan, y al vino vino!

Zelako gauza ederra den ogia, ezta? Gure etxean postrea baino nahiago ogi zati bat. Gure aiton-amonek eskuz egin eta jaten zuten ogiarekin zerikusirik ez, ordea, guk gaur egun jaten dugunak. Horretan datza egungo ogiaren arazoa.

Bisaurin, eguneko azken argiak



Itziarrekin lanean hasi nintzenean, bi gauza kendu zizkidan errotik: esnekiak eta glutena.  Biek ala biek hesteak puzten dituzte eta horrek zaildu egiten du burdina xurgatzeko prozesua, anemiaren etsai, beraz (honen inguruan, Itziarren elkarrizketa interesgarri hau irakur dezakezu, eta beste artikulu hau ere bai). Eta, noski, garia, artoa eta legamia ere fuera (hauei buruzko informazioa, hemen).


Zelako mina eman zidan. Ogirik ez! Eskerrak azaldu zidan glutenik ez daukaten irin asko daudela, eta eskerrak eman zizkidan hainbat errezeta, ogia etxean egiteko (ikusi hemen errezetak).





Arto beltza eta teff irina erabiltzen ditut nik normalean. Itziarrek berak, lagunen batek eta han-hemen irakurritako errezetak neurera moldatzen ditut.


Itziarren errezeta hau ogia egiteko makinan egiten det. Osagaiak (ordena honetan nahasi):


380 ml ur edo arroz-esne

2 arrautza

? 4 koilarakada oliba-olio

? Himalaiako gatz pixka bat

? 390 gramo arto beltz

? Canella hautsa

? Curcuma hautsa

? Maca hautsa

? Jengibre hautsa

? Bikarbonatoa

Sartu osagai guztiak ogi-makinan eta aukeratu glutenik gabeko programa. 4 bat ordukoa izango da gutxienez. Ulertuko duzunez, ez da okindegiko ogi txuririk ateratzen, eta are gutxiago, baserriko garai bateko ogi ederra. Baina ogia da, eta ez ditu hesteak hondatzen.

   

Beste errezeta bat ere probatu det, ogia labean egiteko:

? 230 gramo teff irin

? Bultzatzaile ekologikoa (nik ekodendan erosten det, impulsor ecologico)

? 10 gramo psylium

? 60 gramo ekilore pipak

? 2 koilarakada oliba-olio

? 280 mililitro ur

? Himalaiako gatza

Labea 180 graduan berotu ostean, sartu ekilore pipak 5 minutuz. Ontzi batean nahasi osagai lehorrak, ondoren gehitu olioa eta azkenik ura. Osagai guztiak nahasi ore likatsu bat eduki arte. Estali zapi batekin eta, utzi 3-4 orduz osagaiak berez nahasi daitezen bultzatzailearekin. Denbora hori igarota, egosi labean 40 bat minutuz. Labearen indarraren arabera denbora gehiago edo gutxiago beharko dezu (sartu labana ogian eta garbi ateratzen denean, listo!).


Ogi hauei azenarioa eta banana ere gehi dakizkieke, halakoekin, erdi ogi erdi bizkotxo modukoak egiten ditut nik.



Zapi batean estalita, ogiok luze irauten dute (hozkailuan agian hobeto). Nik neuk gosari eta askaritarako jaten det asko. Bestalde, mendira goazenean glutenik gabeko moldeko ogia eramaten degu, Itziarrek esan zigun Schar markakoa dela txarrenetan onena (kar, kar).





Gozatu ogiaz, eta ahal dela, beti, mendian eta konpainian!



******************************************************************************************************** 

AZENARIO HUMUSA


Izugarri gustatzen zait lagunekin afariak egitea, eta are, etxean. Egia da lana areagotu egiten dela etxean kozinatu behar degunean, baina, ez al da ederra zuk zeuk prestatutako platerekin lagunak gozatzen ikustea? Nire kasuan, mendiak eta gauza gutxik gainditu dezaketen sentsazioa da hori. Hain zuzen ere, gaur azalduko dizuedan errezeta lagun batekin egindako etxe-afari batean deskubritu nuen.

Anbotoko ertza, Alluitzetik


Lanetik irten eta bere etxean afaltzera gonbidatu ninduen. Sarrerako gisa, laranja koloreko ore bat eskaini zidan, glutenik gabeko ogi txigortuan busti eta jateko. Hainbeste gustatu zitzaidan, ordutik nire adikzioen zerrendan dago. Azenario patea edo azenario humusa zela esan zidan, Biblia Vegetariana liburutik ateratako errezeta.




Oso erraza da prestatzen, eta osagai gutxi behar dira, gainera:

? Hiru edo lau azenario (egin nahi dugun kantitatearen arabera)

? Oliba olio pixka bat

? Limoi erdi baten ura

? Berakatz ale bat

? Curry hautsa

? Pipermina

? Gomasio


Lehenik eta behin, egosi azenarioak. Nik neuk beti lurrenean egosten ditut barazkiak. Aspaldi irakurri nuen uretan egosiz gero, propietateak galtzen dituztela. Niri tente samar daudela jatea gustatzen zaidanez, lurrunetan egosteak aukera ematen dit egosi ahala nola doazen ikusteko.



Azenarioak egosita ditugula, ez zaigu ia ezer falta errezeta amaitzeko. Azenario zatiak ontzi batean sartu eta gehitu oliba olio pixka bat, limoi erdiaren ura, berakatz ale bat, curry hauts pixka bat eta pipermina. Birrindu dena. Orea sendoegia bada, gehitu ur pixka bat arintzeko. Gainetik gomasio pixka bat botata, izugarri humus goxoa ordu erdian prest!



Probatu ogi gainean zabalduta. Nik neuk etxean egindako ogia erabiltzen det, glutenik gabekoa, anemiarentzat ez delako komeni glutena jatea (hesteak hondatzen ditu eta elikagaiak xurgatzea oztopatzen du). Beste batzuetan, glutenik gabeko txitxirio natxoak edo ogi txikiak bustitzen ditugu humusean.




Ikusten duzuenez, azenarioarekin milaka errezeta presta daitezke, gozoak eta gaziak. Gorde azenario humus honen errezeta, aurrerago pizzan nola erabiltzen dudan azalduko dizuet. On egin!

Carros de Foc (Kataluniako Pirinioak)

********************************************************************************************************


AZENARIO PASTELA


-Tia Ainho, patela!

-Purea, Liher.

-Ex, patela!

-Dakort.


Holaxe ibiltzen gera. Mendizaleak oso gozozaleak zerate. Ilobak baino gehiagotan eskatu didazue azenario pastelaren errezeta (kar, kar). Liburuetan eta interneten milaka errezeta aurkituko dituzue. Nik horiek denak neurera egokitu ditut, esnekiak, legamia, azukrea eta glutena saihesteko.



Urbia, Aizkorriko bidetik


Erabiltzen ditudan osagaiak:

? Arroz irina (160 gr)

? Olioa (180 ml)

? Arroz edo agabe ziropa

? Bikarbonatoa

? Bi arraultza

Canella

? Bi azenario

? Mugurdiak eta ahabiak (aukeran)

? Sagarra

? Arroz esne pixka bat

 




Nik neuk osagai guztiak nahasi eta birrindu egiten ditut. Olioa, irina eta ondoren azenarioa eta sagarra. Arraultzak elur itxuran joz gero, orea gehiago puzten da, hori zuk zeuk baloratu nola egin. Nik bietara egiten det. Ondoren, gehitu canella, bikarbonatoa eta agabe ziropa pixka bat. Beharra ikusten badezu, arroz esne pixka bat gehitu dezakezu. Azkenik, gehitu mugurdiak eta ahabiak, baina birrindu gabe!




Orea labean sartzeko moldea ondo aukeratzea oso garrantzitsua izan zen nire kasuan. Handiegia hartuz gero, orea finegia ateratzen zitzaidan eta erre edo lehortu egiten zen labean. Molde estu eta luzanga bat daukat orain, eta honekin primeran moldatzen naiz.


Labea 180 graduan berotuta dagoela, sartu orea eta 50 minutuan prest pastela!!!



Jakina, pastel honek ez dauka gozotegietan saltzen dituztenekin inolako zerikusirik. Nire kasuan, ezta nahi ere! Pastel hau janez, zaila da dijestio astuna izatea, eta benetan da goxo-goxoa. Portzierto, gure etxean beti hartzen degu tearekin lagunduta. Probatu, eta kontatuko didazu. On egin!

Altea



********************************************************************************************************


ARROZ ESNEA


Buruari buelta asko eman ostean (nor naiz ni elikaduraz hitz egiteko?), animatu naiz "mendiko errezeten" bilduma egitera. Askok eskatu didazue errezetak partekatzeko, eta lehenik eta behin, eskerrik asko, bihotz-bihotzez!

Ni ez naiz nutrizionista, ezta elikaduran aditua ere. Nire esperientzia laburrean ezagutu ditudan lagun eta profesionalen gomendioei jarraituz, ahalik eta elikadurarik osasuntsuena edukitzen saiatzen naiz, neure bizimoduari eta gustuei egokituta.

Astun, Midi d'Ossauri begira



2018ko uztailean Mendia, elikadura eta osasuna testua argitaratu genuen Pyrenaicaren atari honetan. Nire egunerokoan funtsezko bihurtu diren zenbait oinarri jaso genituen testu horretan. Itziar Gonzalez de Arriba eta Urko Arozena lagun eta adituei esker, nire elikadura, egunerokoa eta osasuna nola aldatu diren azaltzen saiatu nintzen. Han jasotakoa da nire oinarria, eta haiek erakutsitako bidean aurrera segitzen dut.

Saiatuko naiz elikaduraren inguruan haiek eta bestek emandako gomendioak hemen zabaltzen, zuei ere lagungarri gertatuko zaizkizuelakoan.

Askok galdetzen didazue zer gosaltzen dudan eta horrekin hastea erabaki dut. Testu askotan aipatu dut harrituta nagoela zenbat azukre kontsumitzen dugun, eta are, konturatu gabe. Nik neuk ere, marmelada, kafea eta laranja zukua hartzen nituen aspaldi gosaritarako. Ohartu nintzen, ordea, gosaldu eta gutxira, buruak lehenengo eta sabelak ondoren, jateko gehiago eskatzen zizkidatela. Itziarrek azaldu zidan, azukrearen mendeko bihurtuak neuzkala gorputza eta burua. Alegia, jan berritan, azukre gorakada nabaritzen nuela, eta haren ostean, beherakada bortitza. Interesa baduzu, irakurri Itziarri eginiko elkarrizketa hau, eta kendu laranja-zukua gosaritik.

Arroza gosaltzea proposatu zidan berak. Bai, ondo irakurri duzu, arroza, egunero eta gosaritan (kar, kar). Harrituta geratu nintzen, baina probatu egin nuen, noski. Gaur arte, ez dut hutsik egin. Akabo azukrearekiko mendekotasun gosea eta akabo mendira joan aurreko digestio astunak. 



Arroz-esne goxo bat prestatzen erakutsi zidan Itziarrek. Ez, noski, amonak txikitan prestatzen zigun azukredun arroz-esne mamitsua, baina arroz-esnea.


Hauek dira erabiltzen ditugun osagaiak:


Arroz integrala edo gorria

? Artatxikia (mijo)

? Arroz esnea

? Canella hautsa

? Kurkuma hautsa

? Jengibre hautsa

? Maca hautsa

? Olo zahia (salvado de avena)

? Sagar konpota

Etxeko hozkailuan beti daukagu arroza egosita, gure elikaduraren oinarria delako, eta plater asko prestatzeko erabiltzen dugulako. Badakizue arroz integralak eta gorriak (baita beltzak ere) zuriak baino denbora gehiago behar dutela egosteko, findu gabe daudelako. Hala ere, oso erraza da egiten: bota arroza lapiko batean eta ondoren gehitu ura, arroza erabat estali arte eta gehiago. Irakiten jarri, bor-borka hasten denean jaitsi sua eta 40 minutuz egosi. Ondoren, kendu ura, eta kito! Arroz-esnea eta gainerako osagaiak gehituta, gosari goxo eta oparoa egingo duzu. Eta nahi baduzu, berehala aterako zara korrika mendira, digestio astunik gabe. Eta gizentzeak kezkatzen bazaitu, zin dagizut marmelada, ogi, zuku eta bestelakoek askoz gehiago gizentzen dutela arroz-esne honek baino. Areago, gosari honekin, gorputza arindu baietz! 

Arroz-esne gozoagoa nahi dugunean, arroza arroz-esnetan egosten dugu. Kontu izan, ordea, egosi bitartean esnea lurrunduz joango dela, eta horrenbestez, adi zaindu beharko duzula bukatzen denean esnea gehitzeko. 

Errezetekin batera, tarteka osagai bakoitza zer den, zergatik eta zertarako gehitzen dugun azaltzen joango gara nahi baduzue. Oraingoz, errezeta honetan hartu kontuan arrozak integrala behar duela izan, esneak arrozarena eta azukrearen ordez, canella erabiliko dugula.

Gosari honi buruzko informazio gehiago hemen eskuratuko duzu.

Beti bezala, izugarri eskertuko nuke zuen galdera eta iruzkinak jasotzea. On egin!