Herria ibilgailuz hustu dute Itzuliko etapa hartzeko

Barren 2024ko mai. 9a, 19:46

Euskal Telebistako kamioia Maalatik Elgoibarren sartzen.

Aspaldian ez bezalako irudia du Elgoibarko erdiguneak une honetan, besteak beste, ia autorik gabe daudelako hainbat gune. Bihar, berriz, etaparen amaiera ikustera irtengo dira herriko ikastetxeetako eskola-umeak.

Hasi dituzte Euskal Herriko Itzuliko lehen etaparen amaiera hartzeko prestaketa lan guztiak. Gaurtik hasita, trafikoan eta herriguneko joan-etorrietan eragin nabarmena edukiko du txirrindularien ailegaerak. Gasteizen hasiko den etapak Pedro Migel Urruzuno kalean, ia Aita Agirre plazan, izango du helmuga, eta ibilgaluz hustu dute inguru hori. Umeak jolasean aritu dira autoz beteta egon ohi den Aita Agirre plazan, harik eta telebistako eta antolakuntzako kamiotzarrak lekura heldu diren arte. Pedro Migel Urruzuno eta Bernardo Ezenarro kaleak ere autorik gabe laga dituzte eta hasiak dira etapa amaieretarako hesitura ipintzen. Herriko hainbat gunetan izango du eragina etapa amaierak (ikusi hemen).


Ikasleak etapa amaieran

Herri Eskolako, Ikastolako eta institutoko hainbat ikasle kalera irtengo dira bihar etapa ikustera. Goizean zehar antolatu dituzten ekintzetan hartuko dute parte zenbait ikaslek, gaztetxenak helmuga ikusi gabe zentroetara bueltatuko diren arren. Koskortuagoek izango dute etapa amaiera zuzenean ikusteko aukera. 

  • Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 13:15etik 13:42ra bitartean ailegatuko dira txirrindulariak Elgoibarrera. Aurrez ere igaroko dira Elgoibartik, 11:45ak inguruan sartuko dira Maltzagatik Elgoibarrera, Azkaratera bidean. Azkarateko bariantetik igoko dira Azkarate gainera.

Etapa amaituko den egunerako askotariko ekitaldiak antolatu dituzte hainbat eragilek elkarlanean. Hona egitaraua:

ITZULIA WOMEN 24
Maiatzak 10, barikua

  • 09:30 Elgoibar Sasoian. Kalegoen plazan. Saio irekia izango da.
  • 10:30 Dantza urbanoak. Saio irekia, Lekuederren. Ordu berean, umeentzako herri-kirolak eta jolasak egongo dira.
  • 12:00 - 13:00 / 14:30 - 15:30 Haur eta nerabeentzako jantokia. Maalako parkean.
  • 13:00 Itzulia Women 2024 lasterketako lehen etaparen amaiera. Pedro Migel Urruzuno kalean.
    Jarraian, sari banaketa. Kalebarren plazan.
  • 15:00 Looping bike 360º eta mountain bike simulazioa. Maalako parkean.
  • 19:00 Euskal dantza erakustaldia, Kalegoen plazan.
  • Jarraian, Patxangoi elektrotxaranga. Kalegoen plazan hasita.
  • 22:00 Mugi Panderoa taldearekin erromeria. Maalako parkean.
  • 24:00 DJ Latxirongak. Maalako parkean.

Helmuga egongo den ingurua

Laboral Kutxa taldeko konboia.